Ines Gallastegi

Ines Gallastegi

domingo, 31 de diciembre de 2006

ELKARBIZITZARAKO ETA BAKERAKO HEZKUNTZA

Hezkuntza-sistemaren xedeetako bat elkarrekin bizitzen ikastea da. Bizitzarako ikaskuntzarik baliagarriena nork bere buruarekin eta besteekin harreman positiboa ezartzea da. Horixe da zeharkako ildo guztien helburuak barne hartzen dituen balioen hezkuntzaren funtsezko ardatza.
Elkarbizitzarako hezkuntzak eskolaren nondik norakoa berriz pentsatzea dakar. Horretarako, errealitatea interpretatzeko esparru berriak beharko dira, eta bestelako jarrera eta jarduera batzuk bideratuko dira. Horrek ikastetxearen osotasunean izango du eragina, eta diskurtsoaren eta funtzionamendu errealaren arteko koherentzia eskatuko du. Hezkuntzaren kalitatearekin lotzen da, hau da, autonomiarekin, norbanakoaren eta kolektiboaren hazkundearekin, konpromisoarekin, partaidetzarekin, eta bizi-kalitatearekin (aurrerapen eta ongizate ekonomikoaz harantzago). Eskolarentzat erronka handia da, eta eskolak harremanetarako eta komunikaziorako moduak aldatzeko beharraz, eta botere eta aginteko aginduak aldatzeko beharraz kontzientziatu beharko du; eta jardueraren bitartez bakearen, hitzaren eta adostasunaren kultura sustatu beharko du. Hori guztia, beraz, oso lagungarria izango da elkarrizketarako irekita egongo den euskal gizarte zuzen eta demokratikoa lortzeko.