Ines Gallastegi

Ines Gallastegi

domingo, 31 de diciembre de 2006

ELKARBIZITZARAKO ETA BAKERAKO HEZKUNTZA

Hezkuntza-sistemaren xedeetako bat elkarrekin bizitzen ikastea da. Bizitzarako ikaskuntzarik baliagarriena nork bere buruarekin eta besteekin harreman positiboa ezartzea da. Horixe da zeharkako ildo guztien helburuak barne hartzen dituen balioen hezkuntzaren funtsezko ardatza.
Elkarbizitzarako hezkuntzak eskolaren nondik norakoa berriz pentsatzea dakar. Horretarako, errealitatea interpretatzeko esparru berriak beharko dira, eta bestelako jarrera eta jarduera batzuk bideratuko dira. Horrek ikastetxearen osotasunean izango du eragina, eta diskurtsoaren eta funtzionamendu errealaren arteko koherentzia eskatuko du. Hezkuntzaren kalitatearekin lotzen da, hau da, autonomiarekin, norbanakoaren eta kolektiboaren hazkundearekin, konpromisoarekin, partaidetzarekin, eta bizi-kalitatearekin (aurrerapen eta ongizate ekonomikoaz harantzago). Eskolarentzat erronka handia da, eta eskolak harremanetarako eta komunikaziorako moduak aldatzeko beharraz, eta botere eta aginteko aginduak aldatzeko beharraz kontzientziatu beharko du; eta jardueraren bitartez bakearen, hitzaren eta adostasunaren kultura sustatu beharko du. Hori guztia, beraz, oso lagungarria izango da elkarrizketarako irekita egongo den euskal gizarte zuzen eta demokratikoa lortzeko.

sábado, 30 de diciembre de 2006

ESKU HARTZEKO PROPOSAMENAK

1. Hezkuntza Berriztatzeko Deialdietan ikasle guztiontzako erantzun inklusiborako aukera emango duten Hezkuntza eta Curriculumeko Proiektuen garapena aintzat hartzea, guztiontzako eskola baterako urratsak jarraituz.
2. Ijitoentzako hezkuntza-erantzuna hobetzeko plan zehatzak abian jartzea ikuspuntu inklusibotik.
3. Ikasle etorkinak, eta gutxiengo etniko eta kulturalak barne hartzea erraztuko duten antolamendu, metodologia eta didaktikako ereduak garatzea; hala, ikastetxean, aniztasun-egoeretan laguntzeko baliabide zehatzen jardun inklusiborako aukera emango dute eta horien koordinazioa erraztuko dute.
4. Ikastetxe berean diharduten hainbat saretako profesionalen artean lankidetza eta koordinazioko espazioak sortzea, gutxiengo etniko eta kulturalei eta ikasle etorkinei laguntzeko.
5. Izaera inklusiboko kultura arteko hezkuntza baterako laguntza-materialak argitaratzea eta hedatzea.

viernes, 29 de diciembre de 2006

CURRICULUMA ETORKINEI EGOKITUZ

Gure ikastetxeetan gero eta gehiago dira beste kultura batzuetatik datozen ikasleak, batez ere Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hori dela eta, gutxiengoen kulturak balioesteaz gain, ikasle horiek pixkanaka sartu beharko dute bertako kulturan, eta eskolan eta gizartean erabiltzen diren hizkuntzak ikasten hasi beharko dute. Bestalde, kultura arteko ikuspegia bideratu beharko da, bai Euskal Curriculumean, bai eskolaren eta erkidegoaren giroan. Horrek eskolan eta gizartean egoki integratzeko aukera emango die ikasle etorkinei zein gure artean aspaldi-aspalditik dauden gutxiengoko kulturetako ikasleei.

jueves, 28 de diciembre de 2006

GUTXIENGO ETNIENTZAT LAGUNTZA ZEHATZAK

Gizabanakoaren berariazko laguntza zehatzak ziurtatu ondoren, hainbat alderdi aztertu beharko dira: eskolaren eta erkidegoaren testuingurua antolatzeko modua; baliabideak egituratzeko, indartzeko eta optimizatzeko modua; ikastetxeen hezkuntza-jardueran egin beharreko aldaketak; irakasleen ikasgelako jardunean egin behar diren aldaketak; irakasleengan gizabanako gisa egin behar direnak; baita hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleengan ere. Izatez, pertsona guztiak hezkuntzan behar bezala barne har daitezen lortu nahi da, pertsona guztiak gizartera daitezen bitarteko izango baita.
Pertsona guztiak bilduko dituen eskola eta gizartea sortu ahal izateko, eskolaren eta gizartearen testuinguruak ikaskuntzarako jartzen dituen oztopoak ezabatu beharko dira.
Ezinbestekoa izango da ikastetxeek parte hartzeko eta ikasteko dauden oztopoak aztertuko dituzten gogoeta-prozesuak abiaraztea, eta hezkuntza-erkidegoa osatzen duten pertsona guztien iguripenei erantzun dakien erraztea.

ESKOLA INKLUSIBOA ETA ETNIAK


Eskolan bat egiten duten hezkuntza-eragile guztien partaidetzaren eta akordioen gainean eraikitzen da eskola inklusiboa, eta ikasleen ikaskuntza-prozesua ikastetxean sartzearen ondorioa dela hartzen da kontuan. Bestalde, ikasleek eskolako ibilbidean topatuko dituzten oztopoak gainditzea helburu duen hezkuntza-dimentsioa du abiapuntu. Izan ere, eskola inklusiboarekin, guztiek beren burua dagokien hezkuntza-erkidegoaren kidetzat har dezaten eta gainerakoek ere halakotzat aintzat ez ditzaten lortu nahi da. Horretan ez du zerikusirik beren gizarte-inguruneak, jatorrizko kulturak, ideologiak, sexuak eta etniak, edota ezintasun fisikoaren, intelektualaren eta sentsorialaren ondoriozko edo intelektualki supergaitua izatearen ondoriozko egoera pertsonalak.