Ines Gallastegi

Ines Gallastegi

martes, 16 de enero de 2007

BEHAR LINGUISTIKOAK GUTXIENGO ETNIEKIN



Ikasle etorkinek hainbat faktore baldintzatzaile dituzte hezkuntza-sisteman erabat sartzeko. Lehena, irakaskuntzako irakas-hizkuntza ikastea da. Hizkuntza ezinbesteko tresna da
pertsonen arteko harremanetarako, gizartean integratzeko eta ikaskuntzarako. Ikasle etorkinen
hizkuntza-ikaskuntzako beharrak behar adina ez bideratzeak, gainditzeko zailak diren eskola-atzerapenak eragin ditzake kasu askotan.
Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial daude, eta hezkuntza-sistema
elebiduna da. Egoera soziolinguistikoa diglosikoa da, eta hizkuntza menderatzailea, gaztelania.
Euskal hezkuntza-sistemaren helburuetako bat hauxe da: derrigorrezko irakaskuntza
amaitzean, ikasle guztiek bizitza praktikoan moldatzeko eta euren ikasketak bi hizkuntzetako
edozeinetan jarraitzeko moduko gaitasuna izatea. Prozesu egokiarekin bi hizkuntzak ikasteko
gai izan behar dute ikasle guztiek, kontrakorik justifikatzen duen arrazoi pertsonalik ez badago
behintzat.

lunes, 15 de enero de 2007

KULTURA BERRIAK, ERRONKA BERRIAK


Gure erkidegora gero eta etorkin gehiago iristeak eta gure lurraldean hainbat mendetatik bizi diren gutxiengo kulturalak egoteak erronka berriak planteatzen dizkio gure hezkuntza-sistemari. Horrez gain, hezkuntza berriztatzeko ildoak jarri behar dira abian, eta eskola kultura arteko dimentsiorako nola prestatuko den jorratu behar da. Horren bitartez, kultur pluraltasuna hain nabaria den mundu batean ikasle guztiak aurrera egiteko nola prestatu behar diren aztertuko da. Dena den, lehentasunez euskal kulturaren berezko balioak garatuko dira.
Ikastetxean dagoen aniztasunaren osagaietako bat osagai kulturala da, hau da, balio multzoak, errealitatea ulertzeko eta errealitatera egokitzeko moduak, ohiturak, antolamendua, espazioaren eta denboraren egituraketa, botere-erlazioak, elkarreragiteko jarraibideak eta arau aldakorrak.

domingo, 14 de enero de 2007

GUTXIENGO ETNIAK ETA ERASOAK ESKOLAN


Gutxiengo etniak, eskola talde baten partaide diren umeen artean ezberdinak dira, bai azalaren kolorea ezberdina dutelako edota jatorrizko kultura diferentea.
Askotan, hauek izaten dira, erasoak jasaten dituztenak eskolan, hau da, Bullying-a jasaten dituztenak. Hau guztia, eta askoz gehiago STEE-EILASek argitaratutako dokumentuan dago.

PREMIA BEREZIAK

Hezkuntzak ildo bereziak jarraitu beharko lituzke, suertatzen diren premia bereziak asetzeko. Premia horiek, kultura eta hizkuntza ezberdinetako umeen talde bat homogeneizatzean datza, horretarako "Hezkuntza premia bereziak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan", Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Nagusiak argitaratutako liburuan aurki ditzakegu, gai honen inguruko informazio ugari.

KULTURA EZBERDINAK HEZKUNTZAN


Etorkinen kulturei buruz hitzegiteko aukera ematen dien jarduerak eta jolasak proposatu beharko ditugu, haiei buruz zeozer mintzatzera bultzatuz.Ikaskuntzaren aldeko jarrera positiboa bultzatzen saiatu behar dugu. Ikaskuntza aktiboa, adierazpena eta komunikazioa bultzatzeko, partaidetza aktiboa eskatzen duten iharduerak proposatu behar dira. Ospakizunak egiterakoan kontutan hartu, haurren jatorrizko kulturen ezaugarriak eta baloreak.Honen inguruko informazio nagusiena, Eusko Jaurlaritzak osatzen dituzten programetan aurkitu ditzakegu.

ANIZTASUNAREN INGURUAN

Geroz eta gehiago dira gure hezkuntza-sisteman sartzen ari diren jatorri etorkineko ikasleak, bai absolutuki, bai erlatiboki, batez ere kontutan hartzen badugu murriztu egin dela eskolatutako ikasleen guztizko kopurua.Euskal eskola publikoa, anitza, elebiduna eta demokratikoa da. Bere helburuen artean honako hau du: "Maila, etapa, ziklo eta gradu guztietan jardutea, ikasleen jatorrizko desberdintasunak konpentsatzeko xedez."Eskolaratze-prozesua mailakatua eta malgua izan behar da, honekin aurreikusi beharko dugu eskolaratzea denbora iraungo diela.

GIZARTE PLURALA



Gaur egun,gizarte plural eta globalizatuago baten bizi gara. Inmigrazioaren fenomenoak erreakzioa sortzen du sarritan lehen mundua delako gizarteetan, arrazakeria eta xenofobiako jarrekin, (Blanca Ruiz Lopez-ek revista consumer-en idatzitako artikuluan esan bezala) eta hori nola edo hala borrokatu beharra dago errespetuan tolerantzia aktiboan elkartasunean eta gizako baloreetan oinarritutako hezkuntzaren bidez.

domingo, 31 de diciembre de 2006

ELKARBIZITZARAKO ETA BAKERAKO HEZKUNTZA

Hezkuntza-sistemaren xedeetako bat elkarrekin bizitzen ikastea da. Bizitzarako ikaskuntzarik baliagarriena nork bere buruarekin eta besteekin harreman positiboa ezartzea da. Horixe da zeharkako ildo guztien helburuak barne hartzen dituen balioen hezkuntzaren funtsezko ardatza.
Elkarbizitzarako hezkuntzak eskolaren nondik norakoa berriz pentsatzea dakar. Horretarako, errealitatea interpretatzeko esparru berriak beharko dira, eta bestelako jarrera eta jarduera batzuk bideratuko dira. Horrek ikastetxearen osotasunean izango du eragina, eta diskurtsoaren eta funtzionamendu errealaren arteko koherentzia eskatuko du. Hezkuntzaren kalitatearekin lotzen da, hau da, autonomiarekin, norbanakoaren eta kolektiboaren hazkundearekin, konpromisoarekin, partaidetzarekin, eta bizi-kalitatearekin (aurrerapen eta ongizate ekonomikoaz harantzago). Eskolarentzat erronka handia da, eta eskolak harremanetarako eta komunikaziorako moduak aldatzeko beharraz, eta botere eta aginteko aginduak aldatzeko beharraz kontzientziatu beharko du; eta jardueraren bitartez bakearen, hitzaren eta adostasunaren kultura sustatu beharko du. Hori guztia, beraz, oso lagungarria izango da elkarrizketarako irekita egongo den euskal gizarte zuzen eta demokratikoa lortzeko.

sábado, 30 de diciembre de 2006

ESKU HARTZEKO PROPOSAMENAK

1. Hezkuntza Berriztatzeko Deialdietan ikasle guztiontzako erantzun inklusiborako aukera emango duten Hezkuntza eta Curriculumeko Proiektuen garapena aintzat hartzea, guztiontzako eskola baterako urratsak jarraituz.
2. Ijitoentzako hezkuntza-erantzuna hobetzeko plan zehatzak abian jartzea ikuspuntu inklusibotik.
3. Ikasle etorkinak, eta gutxiengo etniko eta kulturalak barne hartzea erraztuko duten antolamendu, metodologia eta didaktikako ereduak garatzea; hala, ikastetxean, aniztasun-egoeretan laguntzeko baliabide zehatzen jardun inklusiborako aukera emango dute eta horien koordinazioa erraztuko dute.
4. Ikastetxe berean diharduten hainbat saretako profesionalen artean lankidetza eta koordinazioko espazioak sortzea, gutxiengo etniko eta kulturalei eta ikasle etorkinei laguntzeko.
5. Izaera inklusiboko kultura arteko hezkuntza baterako laguntza-materialak argitaratzea eta hedatzea.

viernes, 29 de diciembre de 2006

CURRICULUMA ETORKINEI EGOKITUZ

Gure ikastetxeetan gero eta gehiago dira beste kultura batzuetatik datozen ikasleak, batez ere Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hori dela eta, gutxiengoen kulturak balioesteaz gain, ikasle horiek pixkanaka sartu beharko dute bertako kulturan, eta eskolan eta gizartean erabiltzen diren hizkuntzak ikasten hasi beharko dute. Bestalde, kultura arteko ikuspegia bideratu beharko da, bai Euskal Curriculumean, bai eskolaren eta erkidegoaren giroan. Horrek eskolan eta gizartean egoki integratzeko aukera emango die ikasle etorkinei zein gure artean aspaldi-aspalditik dauden gutxiengoko kulturetako ikasleei.

jueves, 28 de diciembre de 2006

GUTXIENGO ETNIENTZAT LAGUNTZA ZEHATZAK

Gizabanakoaren berariazko laguntza zehatzak ziurtatu ondoren, hainbat alderdi aztertu beharko dira: eskolaren eta erkidegoaren testuingurua antolatzeko modua; baliabideak egituratzeko, indartzeko eta optimizatzeko modua; ikastetxeen hezkuntza-jardueran egin beharreko aldaketak; irakasleen ikasgelako jardunean egin behar diren aldaketak; irakasleengan gizabanako gisa egin behar direnak; baita hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleengan ere. Izatez, pertsona guztiak hezkuntzan behar bezala barne har daitezen lortu nahi da, pertsona guztiak gizartera daitezen bitarteko izango baita.
Pertsona guztiak bilduko dituen eskola eta gizartea sortu ahal izateko, eskolaren eta gizartearen testuinguruak ikaskuntzarako jartzen dituen oztopoak ezabatu beharko dira.
Ezinbestekoa izango da ikastetxeek parte hartzeko eta ikasteko dauden oztopoak aztertuko dituzten gogoeta-prozesuak abiaraztea, eta hezkuntza-erkidegoa osatzen duten pertsona guztien iguripenei erantzun dakien erraztea.

ESKOLA INKLUSIBOA ETA ETNIAK


Eskolan bat egiten duten hezkuntza-eragile guztien partaidetzaren eta akordioen gainean eraikitzen da eskola inklusiboa, eta ikasleen ikaskuntza-prozesua ikastetxean sartzearen ondorioa dela hartzen da kontuan. Bestalde, ikasleek eskolako ibilbidean topatuko dituzten oztopoak gainditzea helburu duen hezkuntza-dimentsioa du abiapuntu. Izan ere, eskola inklusiboarekin, guztiek beren burua dagokien hezkuntza-erkidegoaren kidetzat har dezaten eta gainerakoek ere halakotzat aintzat ez ditzaten lortu nahi da. Horretan ez du zerikusirik beren gizarte-inguruneak, jatorrizko kulturak, ideologiak, sexuak eta etniak, edota ezintasun fisikoaren, intelektualaren eta sentsorialaren ondoriozko edo intelektualki supergaitua izatearen ondoriozko egoera pertsonalak.